Gizarte Lana

Gizarte lana zailtasun eta gabezi egoeran dauden norbanako eta kolektiboei akonpainatzen dien diziplina da. Bere helburua hauen aukerak gehitzea da, posible egitea, bakoitzaren egoera eta bizipen partikularrei kasu eginez. Hauek kontuan izanik, beren egoerak aztertu eta dituzten aukeretan eragina izatean datza.

Sexualitatea gaitasun unibertsala da, berdintzen gaituen ezaugarria eta, aldi berean, aniztasuna sortzen duena, bakoitza bakarra eta errepikaezina bihurtuaz. Sexualitatearen adierazpenak bakoitzaren modu, xehetasun eta bitxikeriekin du harreman zuzena. Hau honela izateagatik inork ez dugu galtzen sexuala izatearen ezaugarria, nahiz eta kontestu eta karentziak izan gure inguruan. Profesional gisa gure interbentzioetan sexologiak ematen dizkigun ezagutzak kontuan hartzea garrantzitsua dela deritzot, horrela, aurrean dugun emakume eta gizona hobeto ulertu eta bere izate sexuatua ere kontuan hartu ahal izateko. Sexuatua izateaten ezaugarria kontuan hartzea ezinbestekoa bihurtzen da erabiltzaileen akonpainamentua egokia izatea nahi badugu. Sexualitatea pertsonok dugun ezaugarri lagaezina da. Ezaugarri hau landu eta hazi egiten da eta aldaketetarako bide ere ematen du. Gure bizitzetako alde laketgarria da; eta horregatik da hain garrantzitsua  gure interbentzioetan ezaugarri hau kontuan hartzea, begirada honekin pertsonen ikuspegi humanoagoa dugulako eta, era berean, ezaugarri hau lantzeak gure bizi kalitatea hobetzen duelako.

Profesionaltasunari beste begirada bat eskaintzea da proposamena; emakume eta gizonen arreta perspektiba sexologiko batetik ere lantzea. Egiteko beste modu bat, beste etika bat.